XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Materiaren osaera: disoluzioak

39. jarduera

Aurreko atalean ikusi eta ikasi duzunarekin, seguraski bereiziko dituzu jadanik nahastura homogeneoak eta heterogeneoak.

Baina pauso berri bat eman beharrean zaude, eta beharbada ondo etorriko zaizu berriro ere ikas-norabideari gainbegiratu bat ematea, atalez aldatu behar baituzu.

Ikas-norabidean adierazten zaizu, gezi baten bidez, sistema homogeneoen eta disoluzioen artean lotura zuzena dagoela.

Izan ere, disoluzioak sistema homogeneo mota bat dira.

Osaera aldetik begiratuta, disoluzio guztiek osagai bat baino gehiago izaten dute, eta askotan, horietako batek, disolbatzaileak, disolbatu edo urtu egiten du bestea, solutua.

Honako esaldi hauen tankerakoak sarritan entzungo zenituen, noski: disolbatu al duzu?, hau ez da disolbatzen uretan, aspirina disolbatu egin da...

Ulertzen al duzu zer esan nahi duten?

Zer dakizu disoluzioez?

Orain duzu, gaiarekin hasi aurretik, eta dakizuna kontuan hartuta, zure iritzia azaltzeko momentua, disoluzioak izango baitira ikergai atal honetan.

40. jarduera

Gaia aztertzeko eta nondik nora doan ikusteko galdera batzuk egingo dizkizugu orain.

Ea hurrengo galderei erantzuna bilatzeko gai zaren.

Ez arduratu ez badakizu guztiei erantzuten, unitatea amaitzerakoan argituko dituzu eta.

1. Aipa itzazu nahastura homogeneo batzuk.

Aipatu disoluzioak izan daitezkeen nahastura batzuk ere.

2. Disoluzioetan, disolbatutakoa desagertzen al da?

Bere masa kontserbatzen ote da?

3. Airea zer uste duzu dela: nahastura heterogeneoa ala homogeneoa?

Zergatik?

4. Zertan bereizten dira disoluzioak eta beste nahastura motak?

5. Zein osagai izaten dira disoluzio arrunt batean?